Blogera itzuli

Elhuyarren TTS ahotsak, Adituren bikoizketa automatikoan

2025ko ira. 17a1 minutuko irakurketa

Ahotsa: Elhuyarren TTSa

Elhuyarrek Euskal Herriko bikoizketa automatikoko lehen plataforma sortu du, eta hizketaren eta ahotsaren teknologia guztiak Aditun integratu ditu. Plataforma horren helburua da ikus-entzunezko eleaniztunak sortzeko prozesua erraztea, Elhuyarren TTS neuronalaren ahotsak erabiliz, besteak beste.

Ikus-entzunezko bat beste hizkuntza batera automatikoki bikoiztea oso erraza da: edukia igo, helburuko hizkuntza hautatu eta bikoizteko aukeran klik egitea besterik ez dago.

Bikoizketa automatikoa, 6 hizkuntzatan

Adituk 6 hizkuntzatan bikoizteko aukera eskaintzen du: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, galegoz eta katalanez.

Erabiltzaileak uneoro ikusi ahal izango du sortzen ari den emaitza, eta, beharren arabera, prozesuko urrats bakoitzean aldaketak egiteko aukera izango du.

Elhuyarren TTS neuronalaren ahotsak

Bikoizketa egiteko, Adituk hainbat aukera eskaintzen ditu. Helburuko hizkuntzan bikoizketa sortzeko, hizlari bakoitzari ahots bat eslei dakioke, Elhuyarren TTS neuronalaren ahotsen artean hautatuta.

Gainera, jatorrizko ahotsa imitatzeko eta atzeko audioa mantentzeko edo kentzeko aukera ere eskaintzen du plataformak.

Horrela, Elhuyarren TTS teknologiari esker, azpitituluetatik abiatuta ahotsa sortzeko aukera ere badago.  

Transkripzioa, itzulpena eta bikoizketa plataforma berean

Adituk hiru erabilera nagusi eskaintzen ditu:

  • Bideoen eta audioen transkribapenak eta azpitituluak automatikoki sortzeko eta horiek lantzeko aukera.
  • Transkribapenak zein azpitituluak automatikoki itzultzeko aukera; horiek bistaratu eta moldatzeko aukera izango du erabiltzaileak.
  • Bikoizketa egiteko aukera, Elhuyarren TTS ahotsak erabiliz edo jatorrizko ahotsa imitatuz.

Ahots-teknologia, gero eta eremu gehiagotan

Aditu gero eta eremu gehiagotan erabil daitekeen plataforma da. Besteak beste, ikus-entzunezkoen produkzioan, edukiei irisgarritasuna emateko; administrazio publikoan eta enpresetan, komunikazio-aukera berriak sortzeko; eta industrian, makinen eta pertsonen arteko ahots bidezko elkarrekintza ahalbidetzeko.

Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarrituta dago Aditu, eta punta-puntako teknologia erabiltzen du, etengabe eguneratzen dena.

Teknologia horiek guztiak Orai adimen artifizialeko zentroan garatu dira. Elhuyarrek sortutako zentro honek goi-mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskaintzen dizkie enpresei eta erakundeei.

Adituk eskaintzen dituen aukera guztiak aditu.eus webgunean ikus daitezke.