Blogera itzuli

Irakurle Digitala: Elhuyarren TTS teknologia irakurtzeko zailtasunak dituzten ikasleei laguntzeko

2024ko aza. 14a1 minutuko irakurketa

Ahotsa: Elhuyarren TTSa

Irakurle Digitala irakurketa-idazketa prozesuan irakurtzeko zailtasunak dituzten ikasleei laguntzeko tresna bat da. Web-nabigatzaileetan instalatzen den plugin baten bidez, sei hizkuntzatan entzun daitezke testuak, Elhuyarren TTS ahotsei esker.

2016an gizarteratu zen lehen bertsioa. Elhuyarrek garatu zuen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesarekin, eta Berritzegune Nagusiak jarri zuen denon eskura.

Irakurtzeko zailtasunak dituzten ikasleei laguntzeko tresna

Irakurle Digitala dislexia edo irakurtzeko bestelako zailtasunak dituzten ikasleei zuzenduta dago. Hala ere, beste ikasle askorentzat ere lagungarria izan daiteke, hala nola ikusmen-urritasuna dutenentzat edo hizkuntzarekin lotutako nahasmenduak dituztenentzat.

Tresnak ordenagailuko pantailan dagoen testua entzuteko aukera ematen du, testua nabarmendua agertzen den bitartean. Horrela, ikasleak errazago irakur dezake edukia.

Elhuyarren TTS neuronala, 6 hizkuntzatan

Irakurle Digitalak jauzi handia egin du egungo teknologietara egokitzeko, bai testuak irakurtzeko erabiltzen diren ahots automatikoen kalitateari dagokionez, bai tresnak erabiltzaileei eskaintzen dizkien aukerei dagokienez.

Testuak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, galegoz, katalanez eta frantsesez entzun daitezke, Elhuyarren TTS neuronalari esker.

Irakurketa erabiltzailearen beharretara egokitzeko aukerak

Irakurle Digitala Firefox, Chrome eta Edge nabigatzaileetan instala daiteke, jarraibide erraz batzuekin.

Tresnak hainbat funtzio eskaintzen ditu: webguneetan edo PDF fitxategietan nabigatzea, irakurketa-abiadura bizkortzea edo mantsotzea, hizkuntza eta ahotsa hautatzea, eta esaldiak jarraian edo hitzez hitz entzutea.

Interneten eskuragarri dauden webguneez gain, ordenagailuan gordeta dauden PDF fitxategiak irakurtzeko aukera ere ematen du.

Adimen artifiziala hezkuntzaren zerbitzura

Elhuyarrek adimen artifizialeko tresnen garapen eta hedapen egokia eta haien erabilera arduratsua sustatzen ditu. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, berriz, proiektua bultzatu du, eskola inklusiboa bermatzeko eta sustatzeko helburuarekin.

Irakurle Digitala konpromiso horren adierazgarri da: adimen artifizialeko berrikuntzak hezkuntzan txertatzeko egitasmoa, irakurtzeko zailtasunak dituzten ikasleei testuak ulertzen laguntzeko.

Irakurle Digitala instalatzeko jarraibideak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren webgunean daude.