Blogera itzuli

TTS dokumentuak: dokumentuak ahots bidez entzuteko aukera

2026ko urt. 8a1 minutuko irakurketa

Ahotsa: Elhuyarren TTSa

Elhuyarren testuak ahots bihurtzeko plataformak (TTS) dokumentuak ahots bidez entzuteko aukera eskaintzen du. «TTS dokumentuak» tresnari esker, erabiltzaileak fitxategia igo, hizkuntza eta ahotsa aukeratu, eta dokumentuko edukia entzun dezake, Elhuyarren ahots sintetikoei esker.

Hainbat formatutako dokumentuak irakurtzeko

Tresnak hainbat formatutako fitxategiak onartzen ditu: testu-dokumentuak (DOCX, DOC, ODT, RTF eta TXT), PDFak, kalkulu-orriak (XLSX, XLS, ODS eta CSV), aurkezpenak (PPTX, PPT eta ODP), eta web edo argitalpenetako fitxategiak (HTML, XML, TEX eta IDML). PDFen kasuan, testua duten dokumentuak onartzen dira, ez eskaneatutakoak.

Fitxategia aukeratu ondoren, «Irakurri» botoiarekin dokumentuko testua bistaratzen da, entzuteko prest.

Irakurketa erabiltzailearen beharretara egokituta

Erabiltzaileak hizkuntza eta ahotsa hauta ditzake, baita irakurketa-abiadura egokitu ere. Dokumentua entzuten ari den bitartean, hitzak nabarmentzeko aukera dago eta, nahi izanez gero, esaldi batean klik eginda, irakurketa puntu horretatik has dezake.

Erreproduzitzaileak audioa martxan jarri, gelditu eta esaldiz esaldi aurrera edo atzera egiteko kontrolak eskaintzen ditu.

Testua editatzeko eta audioa deskargatzeko aukera

«Editatu» aukeraren bidez, dokumentutik ateratako testua berrikusi eta moldatu daiteke. Ahots sintetikoarekin sortutako audioa deskargatzeko aukera ere eskaintzen du tresnak.

Horrez gain, ahoskera-hiztegia aplika daiteke, hitz bereziak, siglak edo izen propioak nola irakurri zehazteko.

Dokumentuen tratamendua

Jatorrizko fitxategia testua erauzi bezain laster ezabatzen da, eta erauzitako testua sei orduz baino ez da gordetzen, erabiltzaileak irakurri ahal izan dezan.

Elhuyarren TTS teknologiari esker, dokumentu digitalak entzuteko beste modu bat eskaintzen dugu, irakurketa norberaren beharretara egokitzeko aukerekin.